GIORNALI2011

Berria, Periòdico Vasco en Euskera, 15 ottobre 2011 – «Gainbeheraren agonia luzatzea baino ez dute lortu»

Alessandro Maran. PD talde parlamentarioko presidenteordea

«Gainbeheraren agonia luzatzea baino ez dute lortu»

J. F.

Alessandro Maran PD Italiako Alderdi Demokratikoaren talde parlamentarioko presidenteordeak (Grado, Italia, 1960) Silvio Berlusconiren gobernuaren amaiera posible zela uste zuen atzo, bozketa egin baino lehen. Lehen ministroaren garaipena ikusi ostean, ordea, krisi egoera luzatzeak herrialdean izan ditzakeen ondorioek arduratzen dute.
Badirudi ezinezkoa dela Berlusconi boteretik ateratzea.
Berlusconiren aroari amaiera jarriko geniolakoan geunden, baina orain ere eutsi dio. Dena den, herritarrek garaitu behar dute Berlusconi hautestontzietan. Halere, bozetara deitu bitartean sortzen diren aukera guztiak aprobetxatuko ditugu gobernua erorarazten ahalegintzeko.
Lehen ministroak gaitasun handia du egoera zailei aurre egiteko. Zergatik?
Italiako hauteskunde legeak haren alde jokatzen duelako. Legegintzaldiaren hasieratik, parlamentuaren %60 kontrolatzen du zentro-eskuinak, eta horrek egoera zailenei ere aurre egiteko tartea ematen dio gobernuari. Izan ere, bozetan boto gehien lortzen duen alderdiari duena baino ordezkaritza zabalagoa ematen dio legeak.
Zer etorkizun ikusten diozu orain gobernuari?
Parlamentuan zenbakizko gehiengoa lortu du, baina Berlusconik ez dio erantzun Giorgio Napolitano presidentearen eskaerari. «Gobernatzeko gai zara?», galdetu zion Napolitanok asteartean, eta gehiengoa izan arren gobernatzeko gaitasunik ez duela frogatu da aste honetan, ezin izan baititu iazko kontuak onartu. Berlusconiren gainbeheraren agonia luzatzea baino ez dute lortu. Lehen ministroaren aroaren amaiera, gainera, Italiaren egunerokoa eta geroa baldintzatzen ari da, ez baita gai krisi ekonomikoak eskatzen dituen erronkei aurre egiteko.
Gobernuaren etengabeko krisiak nola eragiten du Italiako politikan?
Italiak orain arte nazioartean izan duen garrantzia bere gain ez hartzea dago arriskuan. Barrura begirako herrialdea bilakatu da azken urteetan Italia, eta erronkei aurre egiteko gaitasunik ez balu bezala dago herrialde osoa, depresioak jota dagoen pertsona bat balitz bezala.
Halere, bere alternatibarik ez dagoela dio lehen ministroak.
Berlusconik arrazoi du zentro-ezkerraren ahultasuna azpimarratzean. Alabaina, alternatiba eraikitzen ari gara, gero eta bateratuago ari baita jokatzen oposizioa. Ostegunean eta ostiralean, esaterako, Berlusconik hainbat urtetan bere aliatutzat izan duen Pier Ferdinando Casini UDC Zentroko Batasuna alderdiko buruak ere oposizioarekin bat egin du legebiltzarrean.
Berlusconi eroriz gero, zentro-eskuina desegin egingo litzateke lehen ministroak ostegunean ohartarazi zuen bezala?
Seguruenik bai. Berlusconiren irudiak guztiz baldintzatu du Italiako zentro-eskuina azken urteotan, eta Berlusconiren aroa bukatzen denean halabeharrez berregituratu beharko dute zentro-eskuina.

You may also like
Il Foglio, 24 marzo 2011 – Dirigente dem spiega le ipocrisie del Pd sulla riforma della giustizia
qdR magazine settimanale di propaganda riformista, numero 29 del 27 settembre 2011 – Più coraggio su province e comuni
qdR magazine settimanale di propaganda riformista, numero 37 del 21 novembre 2011 – Dalla guerra civile alla responsabilità